Gobierno Vasco

EBALUAZIOA, PROMOZIOA ETA ERREPIKATZEKO ARAUAK. Ikastetxeko Antolamendu eta Jarduerarako Araudian jasota dagoenaren arabera

 

Ikastetxeko ebaluazioaz orokorrean honela jokatuko da:

 

3.4.1. Ebaluaziorako prozedurak

a)Ikasturtea hiru alditan banatuko da programazio eta ebaluaziorako. Aldi bakoitzean ebaluazioa saioaz gain aurre ebaluaziokoa ere hartzen du: azkeneko saioa kurtso amaierakoarekin bat egitea posible izango da

b)Irakasle bakoitzak programazio orokor bat eta aldi bakoitzerako beste bat egingo ditu, gai bakoitzaren mintegiko taldeak zehaztutako jarraibideen arabera, Ikastetxeko Curriculum Proiektuan finkatutakoa aplikatuz

c)Lehen mailan irakasleek ikasleen hasierako ebaluazioa egingo dute oinarrizko konpetentziak eta ikasgai ezberdinetako edukiez duten maila jakiteko. Ebaluazio hau egiteko ikasle bakoitzak Lehen Hezkuntzatik dakarren norbanako txostena hartuko da kontutan. Hasierako ebaluazio hau lehen aurre-ebaluazio saioa izango da.

d)Ikasturte hasieran, irakasleak ikasleei irakatsiko diren helburuen zein oinarrizko edukien eta ebaluazio-irizpideen berri emango die.

e)Aldi bakoitzaren bukaeran ikasleen ikaskuntzak eta irakaslana ebaluatzeari ekingo zaio. Irakaslanen programan (urteko Plana) aldi horiek eta ebaluatzeko egunak finkatuko dira, eta baita erabiliko diren tresnak ere, ikasketa-proiektuaren irizpideen arabera.

f)Ikasleen ikaskuntzaren ebaluazioa norbanakokoa eta jarraitua izango da, eta taldeko irakasleek kide anitzeko organo moduan egingo dute, tutoreak koordinatutakoa. Irakasle bakoitza ematen duen irakasgaia ebaluatzeko arduraduna da.

g) Irakasle bakoitzak klaustroak zehaztutako sistemari jarraituz ikasle bakoitzaren eboluzio orokorraren balorazioa egingo du bere irakasgaian, zehaztutako klabeak erabiliz eta ikasleen eboluzio joera zehatzen dutelarik (hobetzen edo gaiztotzen doa ikasketa ibilbidean). Taldearen eboluzio orokorrari buruzko balorazioa egingo du ere.

h)Informazio hau tutorearen esku egongo da sistema informatikoan sortutako karpetetan ebaluazio saio bakoitzaren aurretik. Karpeta hauetara irakasle bakoitzak bere klabeaz sartuko da.

i) Ikasketa-buruak irakasleei ebaluatzeko bilkuretara joateko deituko die, eta horiek beraietara joan beharko dute derrigorrez.

Tutoreak ikasle bakoitzari buruzko txosten bat egingo du, eta bertan ondokoak agertuko dira:

¨Aipatutako tarteen araberako irakasgaien ebaluazio-balorazioa

¨Jarrera, aditasuna, lana ikasle eta irakasleekiko jarrerari buruzko ebaluazio-balorazioa.

¨Ikasleen hezkuntza hobetu eta gurasoei esatekoa den edozein informazio edo proposamen baliotsua.

¨aholkularitza eta hezkuntza-indargarriei buruzko proposamenak, beharrezkoak direnean

¨Akordio eta gorabeherei buruzko akta jasoko du. Txostena eta akta ikasketa-buruari emango dizkio.

 

j) Tutoreak ikasleei eta gurasoei ebaluazioari buruzko informazioa idatziz emango die horretarako prestatutako buletinaz. Era berean, tutoreek informazio hori entregatuko diete gurasoei elkarrizketa bitartez. Etapa bukatzean ikasle eta gurasoei orientabide gisako aholkua sartuko da; tutoreak orientabide-zerbitzuaren aholkularitzaz proposatukoa.

k) Ikasleen ebaluazioak amaitzean  ikusitakoan, Zuzendaritza taldeak  departamentuen bilera eta irakas-taldeen bidez irakas jardunaren ebaluazioa antolatuko du. Irakas jardunaldiaren analisia aprobetxatuko da eskasia esanguratsuak antzemateko eta egoki estimatzen diren neurriak hartzeko. Era berean, dagokienean tutoreek taldeen egoerak aztertuko dituzte eta mintegiek irakasgaien emaitzak, eta , bere kasuan, programazioak egoki ikusten diren neurriak proposatuz. Informazio hori irakasleen klaustroari jakinaraziko zaio, emaitzak eta antzemandako arazoak aztertzeko. Ikasketa-buruak Estola Kontseiluari ebaluazioaren emaitzen, atzemandako arazo orokorren eta hobetzeko proposamenen berri emango dio.

 

l) Ikasturtea amaitzean Zuzendaritza-taldeak, ondokoak biltzen dituen Txosten bat egingo du: eskola-jardueren garapena eta ikasketen emaitzak, ikastetxearen funtzionamendua eta irakaslanen programa betetzea.

 

3.4.2. Ebaluazioen erreklamaziorako arauak  

Zuzendutako lan, froga eta ariketen berrikustea

1.- Ikasleek eta, dagokionean, haien guraso edo legezko ordezkariek ikasleen errendimenduaren ebaluazioan eragina duten lan, proba eta ariketa guztiak ikusteko eskubidea izango dute, jadanik zuzenduta eta kalifikatuta daudenean, eta kopia bat jasotzeko eskubidea izango dute.

2.- Ikasketa-buruak zehaztuko du kopien eskaeren prozedimendua, baina orokorki, ahoz eskatutakoei ahoz erantzungo zaie eta idatziz egindakoei, idatziz.

3.- Zuzenketa ez da kalifikazio kualitatibo edo kuantitatibo hutsa izango, egindako akats edo hutsegiteak nabarmendu eta kalifikazioaren azalpen arrazoituak eman beharko baitira

                        Zatikako Ebaluazio eta kalifikazioen berrikustea

1.- Ikasleek ahozko edo idatzizko erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute ebaluazio-aldi bakoitzari dagozkion kalifikazioengatik, zuzenean edo tutorearen bidez.Dagokion irakasleak aurkezten zaizkion erreklamazio guztiak erantzun beharko ditu, ahoz edo idatziz, erreklamazioa aurkeztu zaion moduaren arabera.

2.- Erabakian, kalifikazio negatiboa izanez gero, aurreko atalean aipatutako guztiaz gain,ezin izango da erabili ahozko froga edo ariketarik dokumentu batean gordeta ez badago.

3.- Ikaslearen erreklamazioa onartuko ez balitz, didaktika-mintegiak esku hartzeko eskatu ahal izango du, ahoz edo idatziz, zuzenean edo tutorearen bidez. Didaktika-departamentuak proposatutako azterketa onartutako programazioarekin bat datorrela eta departamentuak adostutako irizpideak ondo ezarri direla egiaztatuko du, eta erreklamazioa aurkeztu duenari horren berri emango dio, ahoz edo idatziz, hark erreklamazioa egin duen modu berean.

4.- Zatikako ebaluazioa tramite hutsa denez, ezin izango da kalifikazioaren kontra bestelako errekurtsorik aurkeztu, nahiz eta irakasleak departamentuaren irizpidearen kontra kalifikazio horri eutsi.Nolanahi ere, azken ebaluazioaren kontrako erreklamaziorik aurkeztuko balitz, irizpide hori aintzakotzat hartu beharko litzateke.

 

 

Kalifikazioak justifikatzen dituzten agirien kontserbazioa

1.- Froga, lan eta ariketak ikusi ahal izateko irakasleek ikastetxean gorde beharko dituzte ikasturtean zehar eta gutxienez azken ebaluazioari berrikustea eskatzeko epea  pasa eta hirugarren hilabeterarte.

2.- Epe hori pasatuta apurtu edo ikasleei emateko aukera egongo da hauek kontutan hartzeko berrikusketarik eskatu ez bada.

3.- Erreklamazio bat erabakitzeko beharrezko diren agiri edo ariketak gorde beharko dira hauei buruzko ebazpen administratibo edo judiziala posiblea bada.

Azken kalifikazioei helegitea

1. Azken kalifikazioak argitaratu baino lehenago irakasle bakoitzak, ikasketa-buruak erabakitako ordutegian, berrikuste saio bat deituko du. Saio honetan kalifikazioa esan eta ikaslearen adostasun edo ezadostasunezko esanak jasoko ditu; ondoren kalifikazioa mantendu edo berrikusi ahalko du.

2. –Aurreko saioan ados egon ez diren ikasleak 48 orduko epea izango dute kalifikazioari buruzko erreklamazioak aurkezteko kalifikazioen jasotze formularen ostean  Idatzi bat eman beharko dute idazkaritzan Ikasketa-buruari zuzenduta. Idatzi horretan erreklamatzen den kalifikazioa, ikasleak egokitzat joko zuen kalifikazioa eta horretarako dituen arrazoiak zehaztuko dira.

Ikasleak sartu ahal izango ditu bere garaian kontuan hartu ez ziren zatikako kalifikazioei egindako berrikuste eskaerak, azken emaitza determinatu badute.

3. Ikasketa-buruak erreklamazioa didaktika-mintegiari bideratuko du. Didaktika-mintegiak proposatutako probak irakasgaiaren programazioarekin bat ote datozen eta adostutako ebaluazio-irizpideak ondo ezarri ote diren egiaztatuko du.Hartzen duen erabakia, irakasleak emandako kalifikazioaren aldekoa edo kontrakoa izan, gogoan hartu beharko da lehenagoko zatikako ebaluazioetan aurkeztutako erreklamazioetan egindako txostenean, halako erreklamaziorik egin bada behintzat

Baldintza antzerakoetan dauden beste ikasleen kalifikazioak ere kontutan hartu beherako ditu

4 Mintegiaren erabakia erreklamazioa egin eta bi egunetara eman beharko da idatziz.

                        Mintegi Didaktikoaren erabakiaren eraginak

1- Departamentuak Ikasketa-buruari jakinaraziko dio bere erabakia eta honen berri emango dio ikasleari.

2- Kalifikazioa zuzentzearen aldekoa izanez gero, zuzendariari esango dio dagokion akta zuzentzeko.

3- Erabakia ezezkoa izanez gero ikasleak bere desadostasunean jarraituz gero, beste erreklamazio bat aurkez dezake idatziz zuzendariaren bitartez hezkuntza-administraziora bideratzeko, azpian doazen pausuak jarraituz.

a) Behin erreklamazioak ikastetxean ebatzita, ikasleek, haien guraso edo legezko tutoreek eta irakasleek, ados ez badaude, erreklamazio idatzia aurkeztu ahal izango dute Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan, 7 egun naturaleko epean. Erreklamazio-idazkia ikastetxeko zuzendaritzaren bitartez aurkeztuko da.

b) Zuzendariak, 7 egun naturaleko epean, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzara bidaliko du erreklamazio-idazkia, agiri hauekin batera: erreklamaziogileak eskaini duen dokumentazioa, erreklamazioa eragin duten ariketa originalak, eta programazioa, eskatutako maila eta ebaluazio-irizpideak jasoko dituen departamentuaren dokumentazioa, ikastetxean garatutako erreklamazio-prozesuan sortu den dokumentazio guztiaz gain.

c)Hezkuntzako Ikuskatzailetzaren txostena aztertu ondoren, Lurralde Ordezkaritzak ebazpena emango du, zazpi egun natural baino gehiago luzatuko ez den epean. Txostena taxutzeko orduan, Hezkuntzako Ikuskatzailetzak kontuan izango ditu Agindu hau, Ikastetxearen Curriculum Proiektua, dagokion arlo edo ikasgaiaren programazioa, jakitera eman diren eskuratu beharreko gutxieneko edukiak eta kalifikazio-irizpideak, ikaslearen ariketak, lanak, probak eta azterketak eta, beharrezkoa izanez gero, ikasle erreklamaziogileak eskatzen duen kalifikazio bera duten beste ikasle batzuenak.

 Txosten horretan, proba eta ariketa berriak egitea eta ikastetxeak argitara emandako kalifikazio-irizpideetan aurreikusitakoari lotzen ez zaizkion kalifikazioak aldatzea proposatu ahal izango du.

d)Lurralde Ordezkaritzak ikastetxeko zuzendariaren bitartez jakinaraziko die ebazpena bai ikasleari bai kalifikazioaren erreklamazioa egin den arloko irakasleari zein taldeko irakasle-multzoari, 7 zazpi egun natural baino gehiago luzatuko ez den epean, Ikuskatzailetzaren txostena jasotzen denetik kontatzen hasita.

 

Hauetako instantzien batean aldaketarik balego aktan idatzi eta ikasleren espedientean idatziko da

 

3.4.3.  Errepikatzea eta maila igarotzeari buruzko arauak

 

a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako maila bakoitza amaitu ondoren, ikasleak hurrengo mailara igaroko diren ala ez erabakiko du irakasle-taldeak, ebaluazio-prozesuaren emaitzari erreparatuz. Ikasle-taldeetako irakasle guztiek osatuko dituzte irakasle-taldeak, eta erabakiak irakasle guztien artean hartuko dituzte; koordinazio-lanak irakasle-taldeetako tutoreek egingo dituzte.

Ikasleak hurrengo mailara igaroko dira ikasitako irakasgaien helburu eta gaitasunak lortu badituzte edo gehienez ere bi irakasgaitan ebaluazio negatiboa izan badute; hiru ikasgaitan edo gehiagotan ebaluazio negatiboa izan badute, aldiz, osorik errepikatu beharko dute dagokion maila. Salbuespen gisa, hiru irakasgaitan ebaluazio negatiboa duen ikasle bat hurrengo mailara igarotzeko erabakia har dezake irakasle-taldeak, beti ere irakasle-taldearen ustez ikasgai horien izaera dela-eta, ikasleak hurrengo ikasturtea arrakastaz egiteko arazorik izango ez badu, errekuperatzeko aukera egokiak baditu eta hurrengo ikasturtera igarotzea ikaslearen bilakaera akademikoaren onerako bada.

b)  Hurrengo mailara iragotzeari eta titulazioari begira, gainditu gabeko ikasgaiak zenbaterakoan kontuan hartuko dira bai dagokion ikasturteko ikasgaiak bai aurreko ikasturteetakoak. Horri dagokionez, Biologia eta Geologia, batetik, eta Fisika eta Kimika, bestetik, elkarrekin joango dira.

Ikasgai guztiak gainditu gabe hurrengo ikasturtera igarotzen direnek, ikaskuntza-prozesua indartze aldera irakasle-taldeak ezarriko duen programa egin beharko dute ikasi gabekoa ikasteko, eta programa horri dagokion ebaluazioa gainditu beharko dute.

c)  Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, hurrengo mailara igarotzen ez diren ikasleek urtebete gehiago eman beharko dute maila berean, edo hezkuntza-arloko berariazko esku-hartze proiektu batean sartu beharko dute, gainditu gabeko maila Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen maila bada.

Neurri horiek hartuta, berariazko plan bat egin beharko da ikasle bakoitzarentzat, aurreko ikasturtean hautemandako zailtasunak gainditzera bideratua. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak araututako jarraibideak betez antolatuko dute ikastetxeek plan hori. Ikasleak behin bakarrik errepika dezake du maila bera, eta gehienez birritan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Salbuespen gisa, laugarren maila bigarren aldiz errepikatu ahal izango da, aurrez Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan beste mailarik errepikatu ez bada.

d) Curriculum Desberdineko Programa amaituta, ikasleren batek ez baditu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Graduatu Titulua eskuratzeko baldintzak bete eta adinari buruzko baldintza orokorrak betetzen baditu, urtebete gehiagoz jarraitu ahal izango du programa horretan.

e) Ikasleak bigarren errepikapena Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azken mailan egin behar badu, urtebetez luzatu ahal izango da urriaren 16ko 175/2007 Dekretuaren 32.3 artikuluak araututako adin-muga; horretarako, baina, irakasle-taldeak iritzi beharko dio ikasleak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Graduatu Titulua eskuratu dezakeela, haren jarrera eta asmoei erreparatuz.

f)  Maila errepikatu ondoren, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak ez baditu betetzen hurrengo mailara igarotzeko baldintzak, irakasle-taldeak, orientazio-taldeak aholkatuta eta familiarekin hitz egin ondoren, dauden aukeren artean erabakia hartuko du, beti ere ikaslearen premiei erreparatuta:

f.1) Ikasleak lehen maila egin badu, bigarren mailara igarotzea erabakiko da, heziketa indartzeko neurriak hartuz edo, bestela, hezkuntza-arloko berariazko esku-hartze proiektu batean txertatzea.

f.2) Ikasleak bigarren maila egin badu, hauen artean aukeratuko da: hirugarren mailara igarotzea, Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programa batera igarotzea, edo bi ikasturteko Curriculum Desberdineko Programa batean sartzea. Azken bi aukeretako bat hautatuz gero, ikasleak 15 urte beteak izan beharko ditu ikasturtea hasten den urte naturalean.

f.3) Ikasleak hirugarren maila egin badu, hauen artean aukeratuko da: laugarren mailara igarotzea, Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programa batera igarotzea, edo Curriculum Desberdineko Programa batean sartzea.

g).– Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, haiei dagozkien jarduera-planek curriculuma arlo edo ikasgai batzuetan egokitzen badute, hurrengo mailara igarotzeko irizpideak plan horrek onartutakoak izango dira.

h).– Gurasoek edo tutoreek parte hartu eta babestu egin behar dute beren seme-alaben edo tutoretzapekoen hezkuntza-prozesua, jakin behar dute zein erabaki hartu diren ebaluazioaren eta hurrengo mailara igarotzearen inguruan, eta lagundu egin behar dute ikasleek hezkuntzan aurrera egiteko ikastetxeek hartzen dituzten laguntza- edota indartze-neurriak betetzen.

© Berriz BHI
Telefonoa: 946824962 | Telefonoa: 946826789 | 015073aa@hezkuntza.net